DMCorporativewww.andresurdaneta.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

"URDANETAREN SEKRETUA" DOKUMENTALAREN AURRE-ESTRENALDIA

Fikziozko elementuak barne hartzen dituen dokumentala, Historiako nabigatzaile handienetako bati buruzko ikuspuntu berria ematen du. 

 

Datorren ostegunean estreinatuko da Ordizian

“El secreto de Urdaneta”

 

Ordizia. 2008ko uztailaren 14a.

 

Datorren uztailaren 17an (19:00etan) aurre-estreinatuko da Ordiziako Herri Antzokian “El secreto de Urdaneta” izenburuko dokumentala, gaztelerazko bertsioan. Orain 500 urte jaio zen nabigatzaile handia Ordizian eta urteurrena dela-eta sustatu du dokumentala Ordiziako Udalak. Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren, SPRIren eta Euskal Telebistaren laguntza ekonomikoa jaso du.

 

Emanaldia ekitaldira gonbidatutako pertsonentzat izango  da,  agintari, babesle eta dokumentalean parte hartu dutenak. Estreinaldia astelehenean izango da, uztailak 21. Ordiziar guztiak daude gonbidatuta asteleheneko saio irekietara. Kasu honetan, 19.00etan emango da euskarazko bertsioa eta 20.15etan gaztelerazkoa.

  

Urdanetaren gaineko bestelako ikuspegia eskaintzen du dokumentalak, elkarrizketatu ezberdinen testigantzen bidez. Horien arabera, Historiako nabigatzaile handienetakoa izan zen, Cristobal Colon-en edota James Cook-en maila berekoa.  

 

Filipinetako Hezkuntza ministro ohi Alejandro J. Roces-ek berak dokumentalean azaltzen duenez, “lehenengo globalizatzaileetakoa izan zen Urdaneta”; globalizazioaren bidea hasi zuen, kultura ekonomiko eta sozial ezberdinekin harreman positiboak izan baitzituen.

 

Dokumentalak ordubete irauten du. Bertan kontatzen dira, besteak beste, itsasoan bizi izan zituen ekintza gogoangarriak, Carlos V.a Enperadorearekin eta horren seme Felipe II.a Erregearekin izan zuen harreman estua, Nueva Españako (egungo Mexiko) erregeordetzan egin zuen lana, Juan Sebastian Elkano eta Miguel Lopez de Legazpi nabigatzaile euskaldun handiekin izan zuen hartu-emana, eta Historian pertsonaia gako bilakatu duen bere balentria handia: Pazifiko Itsasotik bueltatzeko bidearen aurkikuntza; hots, mendebaldea (Txina, Filipinak eta Japonia) eta Amerika arteko Itzulerako Bidaia, Europatik barrena.

 

Bere irudi berri hori argi erakusteko, dokumentalak batu egiten ditu fikziozko elementuak eta Urdanetaren pertsona ondo ezagutzen duten adituei egindako elkarrizketak. Fikzioa, Ordizian, Valladoliden, Madriden, Lisboan, Filipinetan edota Mexikon grabatu da, eta lan horretan talde artistiko eta tekniko handiak hartu du parte. Bestetik, aipatu elkarrizketatuen artean daude Jose Ramon de Miguel edota Susana Truchuelo historialariak, Quetzal Ibilbidearen sortzaile Miguel de la Quadra Salcedo kazetaria, Planeta sariaren irabazle Jose Luis Olaizola eta Edward Rosset idazleak, Jorge Loyzaga arkitekto mexikarra, Acapulcoko San Diego Fortearen zuzendari Narda Alcantara, Filipinetako Hezkuntza ministro ohi Alejandro J. Roces edo Manilako San Agustin Museoko zuzendari Pedro Galende. Horien hitzen bidez ezagutuko dugu itsaso zabalean orientatzeko itsasoaren, ur- eta haize-lasterren eta izarren lengoaia oso ondo ezagutu zituen gizakia. Aparteko gizakia, aurkikuntzen garai hartan.

 

 

Urdanetari buruzko ikuspuntu berria.

 

Loyasa eta Espezieen Irletara arteko espedizioan parte hartu zuen Urdanetak. Han bederatzi urte egin ondoren, bertan gertatutakoaren “Kontakizun” historikoa Carlos V.a Enperadoreari eman zion eta, handik urte batzuetara, Felipe II.aren enkarguz, Filipinetarako espedizioaren zuzendaritza hartu zuen Miguel Lopez de Legazpi euskaldunarekin batera. Itzulerako Bidaiarekin, Filipinetako Cebu-tik Mexikoko Acapulcora joanez, munduko merkataritza ibilbideak osatu zituen. Hala, Galeon de Manila ibilbidea hasi zuen, inoiz Gizateriaren historian izan den merkatal ibilbiderik iraunkorrena.

 

Ordiziako Udalaren eskariz egin da dokumentala, formatu digitalean, telebistan botatzeko. Datorren uztailaren 17an emango da lehen aldiz Ordizian, pantaila handian.   Andres Urdanetaren bizitza eta ekintza nagusiak biltzen ditu dokumentalak, jaio zeneko 500. urteurrenean. Euskal Telebistarekin sinatutako hitzarmenari esker, ETB1 eta ETB2an emango dute.

 

Industria sailaren eta SPRIren babes ekonomikoa izan du. Mendebalde Urruna mundu mailako merkataritzaren erdigune bilakatu den honetan, Urdanetaren pertsonak interes handia piztu du babesleengan, han merkatal harremanak eta merkatu berriak sustatu zituen aldetik. Dokumentalerako elkarrizketatutakoen artetik, batek baino gehiagok azpimarratzen du Urdanetaren lehen globalizatzaile izaera. Duela ia bost mende egin zuen lana eta egungo errealitatea lotzen dituzte, merkataritza garapenean lehen lerroan baitaude Urdanetak aurkitu zituen herrialdeak.

 

Nabigatzaile euskaldunak lehenengoz egin zuen Mendebaldetik Mexikorako Itzulerako Bidaia, eta, hargatik, elementu gakoa da Pazifikoko Itsasoan gerora garatu den merkataritza-garapenean.

 

Dokumentalak Urdanetaren irudia islatuko du, baina gehienbat hark utzitako lorratza, gizateriari utzitako ondarea eta bere garaiko beste esploratzailerekiko duen aldea: zientzialari izaera. Zientzia-gizona eta Itzulerako Bidaiaren aurkikuntza, Ozeano Bareaz haraindiko ibilbide handia. Lehenengo Filipinen eta Espainia Berriaren arteko merkataritza ireki zuen, eta gerora Asiaren eta Amerikaren artekoa, Manilako Galeoia edo Acapulkoko Itsasontzia izenekoaren bitartez.     

 

Urdanetaren lorratza jarraitzen duen bidaia Ordizian (garai hartan, Villafranca) abiatzen da, itsasgizonaren jaioterrian. Gurasoak, etxea, ingurua. Lehenengo urteak erabakigarriak dira itsasgizonaren prestakuntzan. Ordizia ageri da, argi eta garbi, Urdanetaren lorpenen eta bere irudiaren erdigunean. Munduaren bira egin berria zuen Elkanok, eta harekin egin zuen lehen bidaia erabakigarria izan zen, ia semetzat hartu baitzuen getariarrak Loaysa espedizioan.

 

Espezieen Uharteetan, Moluketan izandako bizipen latzei esker bizitzaren zorrotzaz jabetu zen, eta estratega eta zientzialari sena indartu zitzaizkion. Gainera, bertan ikasi zuen kultura eta hizkuntza ezberdinetako pertsonekin harremanetan sartzen. Karlos V.a Enperadoreari igorritako mezuak, eta Loaysako espedizioan eta Espezieen Uharteetan gertatukoaren kontakizun bikaina Sevillan gordeta daude, Indietako Kontseilu Nagusian.

 

Ameriketako bidaia eta Mexikoko erregeordetzan izandako papera. Bertan, Agustindarren ordenako kide zela jada, Legazpirekin batera itsasoratu zen Filipinak konkistatzeko, eta itsasgizon-bizitza emankorraren bukaera gisa, Asia eta Amerika arteko itzulerako bidaiaren bide irrikatua deskubritu zuen, nabigazio eta geografiari buruz zuen ezagutza zabalari esker, Kuro Shivoko korronteaz baliatu eta haize alisio arriskutsuak saihestu baitzituen.

 

Urdanetak zabaldutako merkataritza-ibilbide horrek eragin nabarmena izango zuen Asia, Amerika eta Europa arteko merkataritza-jardunean. Hain zuzen, Asiako eta Ameriketako herrien arteko merkataritzaren historiako oinarrizko elementua da, eta berari esker, ezagupenak, kultura, zientzia eta harreman pertsonal, komertzial eta ekonomikoak sortu dira. Urdanetak, beste hainbat itsasgizon euskaldunekin batera, funtsezko presentzia izan zuen merkataritzaren historian. Proportzionalki, oso nabaria da euskal herritarrek munduko nabigazioan izan duten presentzia, eta Urdaneta da horren adierazgarririk onenetakoa.

 

Bere balio historikoarekin batera, Urdaneta funtsezko balioen gordetzailea da; merkataritza-elkartrukea gainditzen duten balio zientifiko, diplomatiko eta komertzialen gordetzailea. Gaur egun, XXI mende bete-betean, Asia nazioarteko komunitatera irekitzen eta, era berean, garai berri bat zabaltzen ari da, Europa eta Amerikarekiko harremanei dagokienez. Bere garaiari aurreratu zitzaion Urdaneta, duela mende asko sustatu baitzituen kontinente arteko harreman kultural eta ekonomikoak eta lankidetza.

 

Produkzio prozesua

 

Mikel Urretabizkaiak zuzendutako telebista talde zabal batek egin du dokumentala. Kazetaritzan doktorea da Urretabizkaia, ETBko proiektu berrien arduraduna, Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakaslea eta hainbat dokumentalen egilea; berak eginak dira, besteak beste, “Crónicas. Historias de nuestra Historia”, “Entre el cielo y la tierra”, “Guggenheim, historia de un sueño” eta “El Cónclave Negro” saioak.

 

Baliabide ezberdinekin ekoitzi da dokumentala. Edukiari dagokionez, eszenaratze ezberdinak erabili dira dokumentalari erakargarritasun handiagoa gehitzeko.  Eszenaratzeetan, atrezzoa xehetasunez zaindu da eta XVI. mendeko errealitatera eta irudikatzen diren gertaerak jazo ziren lekuetara egokitu da aktoreen itxura. Baliabide teknikoei dagokienez, steadycama erabili da, besteak beste, lurrean hartutako imajinak egonkortzeko eta wescama, helikopterotik egindako grabazioak egonkortzeko, Ordiziako alde zaharra eta Zumaiko kostaldeko flyscha airetik grabatu baitira.

 

Dokumentala leku ezberdinetan grabatu da, Ordizian nagusiki, pertsonaiaren jaiolekua izan zelako eta gidoia bere inguruan egituratu delako. Urdaneta izan zen beste hainbat lekutan ere egin dira grabazioak: garai hartan Gortearen egoitza izandako Valladoliden edota Madrilen, Lisboan, Mexikon eta Filipinetan.

 

Mexikon eman zuen, hain justu, bere bizitzako garai luze bat, eta hainbat erantzukizun izan zituen Velasco eta Mendoza erregeordeen agindupean. Urdanetaren presentzia Mexikon argia izan zen. Hiriburuan, Agustindarren monasterio nagusian hartu zuen abitua, eta bertan hil zen. Navidad-eko barratik abiatu zen Filipinetara, eta Acapulco aukeratu zuen Urdanetak Itzuletako Bidaian heltzeko portu bezala, berez babes-leku ona zelako.  

 

Filipinetako Cebu irletatik abiatu zen Urdaneta eta Legazpiren espedizioa eta, era berean, irteera-puntua ere izan zen Itzulerako Bidaian. Itzulerako Bidaiak, Ozeano Bareaz bestaldeko merkataritza ekarri zuen eta, ondorioz, merkataritzaren iraultza. 

 

 

Talde teknikoa eta artistikoa

 

Mikel Urretabizkaiaren zuzendaritzapean egin da dokumentala, eta berak egin du gidoia. Ekoizpen lanetan aritu dira, gainera, Javi Gutierrez errealizadorea, Andoni Etxeandia argazki-zuzendaria, Andoni Murua produktorea eta Luis del Olmo atrezzo-arduraduna. 

 

Leku ezberdinetan filmatu da dokumentala: Ordizian bertan, Seguran, Loiolako basilikan, Aiako Agorregiko burdinolan, Bermeoko Aita Guria itsasontzian eta Mazagon-eko (Huelva) Victoria ontzian.

 

Filmaketan, Beñat Intxausti izan da Urdaneta umea; Gorka Lariz, Urdaneta itsasgizona; Manuel Viloria, Urdaneta fraidea. Bigarren mailako paperak izan dituzte Coro Pereirak, Txema Gisasolak, Karlos Corbellak, Ceferino Agirrek, Arantxa Jimenezek, Jon Kortak, Jacinto Blancok eta Ignacio Urbizuk. Ekoizpenean, 100dik gora figurantek hartu dute parte.


foto 001








www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2007 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz