DMCorporativewww.andresurdaneta.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

BIOGRAFIA

ANDRES URDANETA ETA ITZULERAKO BIDAIA
José Ramón de Miguel Bosch

Andres Urdaneta Ordizian jaio zen 1507. urtearen bukaeran edo 1508. urtearen hasieran, haren biografo zaharrenek hamar urte zaharragoa dela esaten badute ere. Dena den, Urdanetak berak argitzen du zalantza, 52 urtetik gora dituela esaten baitu 1560ko maiatzaren 28an erregeari idatzitako gutunean: "y dado que según mi edad que pasa de 52 años".
Andres Urdanetaren gurasoak, Juan Otxoa Urdaneta eta Gracia Zerain, Goierriko burgesak ziren. Aita Ordiziako alkate izan zen 1511n, eta amaren familiak burdinolen sektorearekin zerikusi omen zuen, Velascoren esanetan, Legazpiren ahaide zelako eta Urdanetak Andres Mirandaola iloba zuelako. Urdanetaren etxea Oianguren baserria dela esan ohi den arren, badirudi hiriguneko etxe batean jaio zela, izan ere, Isastik dio bazela 'Urdaneta' izeneko etxe bat 1625ean.
Urdanetak jasotako heziketari buruz ez dakigu ezer, baina emaitzak ikusita, ona behar zuen, batez ere zientzia zehatzetan. Lehen aldiz 17 urterekin ontziratu zenean, idazkera zainduarekin eta erraztasun handiz idazten zuen. Haren idazlanek, gainera, behaketa-dohain apartak eta oroimen bikaina erakusten dituzte.  
Urdaneta elebiduna zen: gaztelaniaz idazten zuen euskaraz pentsatzen zuena. Ondoko hizkuntza erromanikoen lexikoz betetako gaztelaniazko idazlanak, batzuetan, zailak dira ulertzen euskarara jo gabe, euskararen joskera sintaktikoak eta lokuzioak erabiltzen zituen eta.
Urdaneta 1525ean itsasoratu zen estreinakoz, balio ekonomiko handia zuten Moluka irlak menperatu nahian Gaztelak eta Portugalek zuten lehia zela-eta Carlos V.ak Espezieriara  (Molukak) bidalitako Loaysaren espedizioan. Elkano zen espedizioaren arduraduna eta “Sancti Spiritus” itsasontzia gobernatzen zuena eta zehaztu gabeko ardurako kargu batekin ontziratu zen Urdaneta bertan.    
Urdanetaren adina zela-eta itsasmutil edo morroi gisa ontziratu zela uste izan bada ere, ez zuen halako zereginik bete: esaterako, Elkanoren testamenduan lekuko gisa sinatu zuen, berehala hartu zituen bere gain hainbat erantzukizun eta behin baino gehiagotan kritikatu zuen arrazoiarekin bere egunkarian bere nagusi zuzenaren ontzia kudeatzeko modua.
7 ontziz osatutako espedizioa 1525eko uztailaren 24an abiatu zen A Coruñatik. Magallaesko itsasartean gorabehera larriak izan eta hainbat arrazoirengatik 6 ontzi galdu zituen. Horrez gain, ia buruzagi guztiak hil ziren gaixotasunak jota. Mindanaora iritsi zen ontzi bakar batekin 1526ko urriaren 6an. Ondoren Moluketara abiatu ziren. 
Irla haietan egon zen 9 urtez, Urdanetak diplomazialari, estratega eta behatzaile dohainak erakutsi zituen. Hortxe eskuratu zituen 1565eko itzulerako bidaiarako erabakigarriak izango ziren bertako nabigazioaren eta klimaren inguruko ezaupideak, Amerikara Pazifikotik itzultzeko saiakeran porrot egin eta Asiako nabigatzaileekin harremanak izan ondoren. 
1528ko apirilaren 22an, Carlos V.ak Portugali saldu zizkion Molukengan zituen eskubideak; hori jakitean, urte batzuk beranduago, han geratzen ziren gaztelauek  negoziatu egin zuten itzulera portugaldarrekin. Urdaneta 1535eko otsailaren 15ean abiatu eta 1536ko ekainaren 26an heldu zen Lisboara. Lisboa zapaldu bezain laster, portugaldarrek konfiskatu egin zizkioten zeramatzan agiri guztiak, alegia, Loaysa eta Saavedraren bidaien bideak, mapak eta beste memoria eta idazki batzuk: "otras memorias y escripturas, lo cual tomo la dicha Guarda Mayor sin auto de escribano, ni nada, sino así de hecho".
Espainiako Enbajadorearen aginduz Portugaletik alde egin ondoren, buruz egindako   bidaiaren kontakizun bat entregatu zuen Valladoliden 1537ko otsailaren 26an. Kontakizun honek ederki islatzen ditu Urdanetaren behaketa-dohainak, irlen ezagutza sakona eta haien etekinekiko interesa. 
Garai hartan Pedro Alvaradok eskatu zion Espainia Berritik abiatuko zen espedizio berri batean laguntzeko. Horretarako, Sevillan itsasoratu ziren 1538ko urriaren 16an, baina Mexikora iristerakoan, eten egin zen Alvaradoren eta Mendoza erregeordearen arteko harreman kaskarren ondorioz. Alvaradoren heriotzak Villalobosen esku utzi zuen espedizio hau, eta honek berriz huts egingo zuen itzulerako bidaiaren saiakeran .   
Urdaneta Mexikon geratu zen ardura handiko zereginetan, hala nola, 1542an Cabrillok Kaliforniako kostaldera egindako espedizioaren porrota ikertzen. Garai honetan kontakizun bat idatzi zuen, Karibetik barrena egindako nabigazioari, zikloi tropikalei, dortoken ugalketari edo sukar tropikalei buruzkoa. 1547an Peru baketzeko armada bat antolatzeko eskatu zioten, baina Lagascaren arrakastak bertan behera utzi zuen espedizioa.
1553ko martxoaren 20an Urdaneta elite indigenen heziketan oso inplikatuta zeuden agustindarren ordenan sartu zen. Ez dakigu asko bere jarduera erlijiosoari buruz, baina badakigu ez zituela ur-jarduerak baztertu, izan ere, Tristán de Lunak eta Arellanok 1559an Pensacolara egindako arrakastarik gabeko espedizioan hartu zuen parte eta harreman estuak izan zituen gerora konkistatzaile izango zen Pedro Menéndez de Avilésekin.
1559ko irailaren 24an, Felipe II.ak Luis de Velasco erregeordeari agindu zion Filipinetara espedizio bat bidaltzeko Urdanetarekin, aditutzat jotzen baitzuten egonkortu nahi zuten bide horretan. Kontraesanak daude espedizioaren helmugaren inguruan. Alabaina, dokumentazioari erreparatuz gero, badirudi portugaldarren mesfidantza ez pizteko egindako azpijoko baten ondorio direla aipatutako kontraesanak. 
Felipe II.ak bazekien –jakitera eman baitzioten– Tordesillasko Itunaren arabera Filipinak Portugalen mugapean zeudela, baina bazekien ere Filipinetan ez zegoela portugaldarrik.  
Filipinak menperatzeko eta Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatzeko, beharrezkoa zen, ordea, itzulerako bide bat aurkitzea Pazifikotik Espainia Berriraino. Aurreko itzulerako  bidaien bost saiakerek kale egin zuten eta Urdaneta zen erronka hura konpon zezakeen bakarra.
Espedizioa, Legazpi buru zuela, 1564ko azaroaren 21ean abiatu zen Espainia Berriko La Navidad portutik. Urdanetak proposatutako hiru alternatibetatik bat jarraituta, biderik ekuatorialenean barrena nabigatu zuen. Bide hau aski ezaguna zen, Saavedrak eta Villalobosek dagoeneko erabili baitzuten joateko.
Urdanetak ondo baino hobeto erakutsi zuen bere kalkuluak zehatzak zirela eta Pazifikoa ondo ezagutzen zuela. 1565eko urtarrilaren 21ean Guam irla gertu zutela ohartarazi eta biharamunean begiztatu zuten; espedizioaren pilotuek jada Filipinetan zeudela uste zuten; otsailaren 13ra arte, ordea, ez ziren bertara iritsi.  
Behin Filipinetan, bertako artxipelagoaren hainbat irla esploratu zituzten behin betiko kokaleku baten bila. 1565eko martxoaren 15ean, esplorazioekin jarraitzen zuten bitartean, Bohol-en ainguratu zuten, Itzulerako bidaia egiteko erabiliko zuten San Pedro ontzia konpontzeko zur asko baitzegoen bertan.   
Horretarako bidalitako fragataren aldeko txostenek eraman zuten Legazpi Cebú behin betiko kokaleku gisa aukeratzera konkista hasi behar zuten espedizionarioentzako. Ontzidia apirilaren 27an joan zen hara eta, hizkuntza ezaupideak zituenez, Urdaneta izan zen lehena ontzitik jaisten bertakoekin negoziatzeko (dirudienez, Asiako hego-ekialdeko zati handi batean harreman-hizkuntza zen malaysieraz ondo hitz egiten zuen eta tokiko zenbait hizkuntza ere ezagutzen zituen).  
Filipinetan behin betiko kokalekua finkatu ondoren, Espainia Berriarekin lotuko zuen bide egonkorra aurkitzea besterik ez zen geratzen.
ITZULERAKO BIDAIA
1565ean Filipinetatik Mexikora egindako itzulera gertaera garrantzitsua izan zen  nabigazioaren historian. Ordura arte egindako bidaiarik luzeena zen; 7.644 milia nabigatu zituzten bide ezezagun batetik.  
Bidaia garrantzitsu hau 18 urteko mutil baten aginduaren eta 57 urteko fraide baten zuzendaritza teknikoaren menpe egin zen. Lehena, Legazpiren iloba Felipe Salcedo zen eta bigarrena, Urdaneta. Azken honek ematen zuen konfiantzak soilik azaldu dezake beste edozein egoeratan ausarkeria suizida hutsa izango zena.
San Pedro ontzia Cebú-tik abiatu zen 1565eko ekainaren 1ean, Ozeano Bareaz haraindiko nabigazio bera 9an, San Bernardino itsasartetik ateratzean, hasi zen arren.
Udako montzoiak bultzatuta, abuztuaren 14ra arte ipar-ekialdera nabigatu zuten Acapulcoraino eramango zituen Kuro-Shivo korrontea bilatuz; egun hartan lehen aldiz lortu zuten  39ºko ipar-latitudea 170ºko mendebal-longitudean.   Ondoren, 32º Nra jaitsi, eta 39º 30' Nra igo ziren berriz ere irailaren 4an. Nabigazioa 'alferrik' luzatzen zuten bi 'mutur' horiek ere ez ziren ezustekoak izan: Urdanetak egiaztatu egin nahi zuen longitudea, garai hartan koordenatu menderaezina baitzen baina Pazifikoa zeharka gurutzatzeko ezinbestekoa. 
Bere kalkuluekin bete-betean asmatu zuen, izan ere, Espinosa pilotuak, kontinente amerikarrera zegoen distantzia balioestean, bere egunkarian idatzi zuen Urdanetaren ustez  egungo Mendozako Lurmuturretik 270 legoara zeudela. Distantzia hau 15 egun nabigatu eta gero egiaztatu zen.   Kalkuluaren bidez soilik nabigatuz, 7000 miliaren ondoren ezinezkoa izango litzateke horrelako zehaztasuna lortzea.
Irailaren 18an Kaliforniako Santa Rosa uhartea begiztatu zuten, eta honenbestez amaitzen zuten Pazifikoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuz egindako lehen bidaia. Eskifaia akituta zegoen, baina jateko eta edateko premia handirik gabe. Egun hartatik aurrera, azkar jaitsi ziren kostaldetik Urdanetak hautatutako herriraino: Acapulcoraino, hain zuzen ere. Urriaren 8an porturatu ziren.  
Urdanetaren ezintasunaren mito zabaldua desegin ez ezik, itzulerako bidaia azkarra eta ezbeharrik gabekoa ere izan zen, inprobisaziorik gabekoa. Bidaia horren emaitza zuzenek 1815. urtean Manilatik azken galeoia itsasoratu zen arte iraun zuten; emaitza ez zuzena, berriz, beste honako hau da: bide hori mundu modernoaren itsas bide nagusienetako bat da egun.
Espaina Berrira itzuli eta Audientziaren aurrean aitortu ondoren, Urdaneta Gaztelara joan zen Felipe II.ari kontuak emateko.
Behin Gaztelan, gure gizonak Tordesillasko Itunaren baldintzetan oinarritutako irlen jabetzari buruzko “Parecer del P. Andrés de Urdaneta” agiria idatzi zuen 1566ko urriaren 8an.
Izapide hau bete eta Indietako Kontseiluaren baimena eskuratu ondoren, Mexikoko San Agustín komentura itzuli eta 1568ko ekainaren 3an hil zen.     

________________________________________
José Ramón de Miguel Bosch, merkataritza-itsasketako kapitaina eta “Urdaneta en su tiempo” liburuaren egilea. Testu hau www.euskonews.com Euskonews argitalpenaren 211. zenbakian (2003 / 05 / 23-30) argitaratu zen eta egilearen baimenarekin berreskuratu dugu.  

 

 



www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2007 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz