Andres Urdanetaren bizitza kontatzen du “Urdaneta eta bere garaia” liburuak eta bere garaiko testuinguruan txertatzen du bere bizitza.
Jaio zen herria, Ordizia, lehen kapituluak aipatzen du bakar bakarrik, baita familia loturak ere.
Hurrengo kapituluan garaiko testuingurua azaltzen da, munduko potentzia handienak ziren Gaztela eta Portugalen arteko lehia ere bai, itsasoak menderatzeko izan zuten lehia, alegia.
Hurrengo hiru kapituluak Jofre García de Loaysaren espedizioa aipatzen dute, eta horren kronista nagusia izan zen Urdaneta bera. Espedizio horretan jaso zuen Urdanetak hogeita hamar urte geroago Filipinetarako espedizioaren itzulerako bidea gidatzeko jakinduria.
Bidaia horren kontakizuna, Mexiko-Filipineta-Mexiko (itzulerako bidea), hurrengo kapituluetan aztertzen da, 1539 urtetik aurrera Mexikon egin zuen egonaldiarekin hasita, han egin zituen lanak eta izan zituen ardurak, eta 250 urtez munduko merkataritza baldintzatu behar zuen bidaiaren prestakizunak.
Itzulerako bidea amaitutakoan, Gaztelara joan zela azaltzen du, Erregeari kontu emateko joan zen, eta bere jaioterria bisitatu eta gero, Mexikora itzuli zen, han hiltzeko.
Manilako galeoiaren azterketarekin amaitzen da liburua, Urdanetaren aurkikuntzari esker topatu zena eta horrek sortu zituen ondorio ekonomiko eta sozialen berri ematen da.
Bost gehigarri dokumental sartu dira, horietako lau Indietako Artxibo Orokorrean daude eta Parisko Liburutegi Nazionalean bosgarrena, Urdanetak idatzitakoak denak.
Horietako lau lehen aldiz transkribatu dira.
Gainera, hiru mapa argigarri ditu liburuak: Jofre García de Loaysaren bidaiarena, Mexikotik Filipinetarako joaneko bidaiarena eta Itzulerako bidaiarena. Beste lau mapa ere sartu dira: Magallanesen mehargunekoa, Moluketakoa, Filipinetara heldu zenekoa eta handik irten zenekoa.
Liburua euskaraz (Mikel Aramendik itzulia) eta gasteleraz argitaratu da eta liburudendatan salgai dago 18 eurotan.