DMCorporativewww.andresurdaneta.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

“XVI. MENDEKO EUSKALDUN IBILTARI BATEN HIZKERAZ” MIKEL ARAMENDIREN HITZALDIA

“URDANETA ETA BERE TESTUINGURU HISTORIKOA” SOLASALDI-ZIKLOA

 

“XVI. MENDEKO EUSKALDUN IBILTARI BATEN HIZKERAZ”

Mikel Aramendiren hitzaldia (euskaraz)

Barrena Kultur Etxea – maiatzak 17, osteguna – 19:00 H.

 

 

Aurrera darrai Barrena Kultur Etxean Andres Urdanetaren figuraren gaineko solasaldi-zikloa. Datorren ostegunean, maiatzaren 17an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Mikel Aramendi kazetariak eta nazioarteko politikan adituak “XVI. mendeko euskaldun ibiltari baten hizkeraz” izenburu duen hitzaldia eskainiko du.

 

Nahiko ugariak dira Andres Urdanetaren idatzi originalak: bidaien kontakizunak, txostenak eta gutun ofizialak gehien-gehienak, eta gazteleraz idatziak ezagun ditugun guztiak. Gaztelera aski bitxia da, ordea, XVI. mendeko ordiziar harena: euskarakadaz betea, bidaide zituenen erromantze ezberdinen zertzeladekin… geroztiko irakurle eta exegetentzat ulergaitza bihurtzeraino batzuetan. Haren eleaniztasuna ezbairik gabekoa da, edonon igartzen zaion euskalduntasunaz haratago, Asia Hego-ekialdeko munduarekin edukiko zuen harreman estuaren giltza zen malaysiera ere gaztaroan menderatu baitzuen.

 

Idazlan sorta estimagarria utzi zuen Andres Urdaneta (1507-1568) ordiziarrak; are aipagarriagoa lanbidez idazketarekin zeharkako harremana baino eduki ez zuenean bere bizitzaren aldi ezberdinetan. Ezagunak ditugun bere idazlan guztiak gazteleraz daude, eta bi multzo nagusitan bana daitezke:

          1525-1536 bitartean, Jofre García de Loaysaren burutzapean gaztelauek Malukura egindako espedizioaren inguruko hiru kondaira ezberdinak. Idatzi luze samarrak dira, bat bereziki. Akabera gaiztoko saio estrategiko haren eta garaiko Asia Hego-ekialdearen ezagutzarako lehen mailako iturriak dira egun eta, XIX. mendera arte argitara eman ez baziren ere, XVI. mendearen bigarren hereneko kronikagile eta Gaztelako agintarientzat oinarrizko argibide izan ziren.

          1560-1566 bitartekoak, Felipe II.aren aginduz Filipinen kolonizazioaren hastapeneko bidaia eta haren ondoren itzul-bidaiaren prestakuntza, gauzamendu eta ondorioei buruzkoak. Gutun edo memorandum moduko idatzi labur samarrak dira gehienak eta haietan nagusiena, 1565eko itzulerako itsasbide liburua inoiz ez da argitara eman, oso hondaturik dagoelako. Balio historiko handieneko dokumentuak dira edonola ere, filipinarrentzat batik bat.

            Argiro Urdanetaren idazlanak diren horiez gain, harenak edota haren hitzak edo idatziak oinarritzat hartuta egindakoak diruditen beste batzuk aurki daitezke Espainia, Mexiko edota Portugalgo artxibategietan. Honela, Kelseyren aburuz, Urdanetarena izango litzateke Juan Rodríguez Cabrillok 1542-3an Kaliforniako kostaldean eginiko espedizioaren txostenaren idazkera. Aintzakotzat hartu beharreko tesia da eta, bide batez, egungo Estatu Batuen historia idatziaren lehen agirietako baten egilea izango litzateke ordiziarra.

            Idatzien ugaritasun honek pentsaraz dezakeenaren aurka, Urdanetak oso argibide gutxi ematen ditu bere buruaz, eta egun ditugun datu gehienak oso zeharbidezkoak edota beste norbaiten idatzietatik eratorritakoak dira: sorterria, adina, gurasoen nortasuna, alabaren izatea, fraide sartzea... Beste hainbat argibide funtsezko, ezezagunak zaizkigu erabat; ikasketak, demagun. Atal honetakoa litzateke, halaber, haren ama-hizkuntzaren auzia.

            Urdanetaren idatzien irakurketatik abiatuta, M. Aramendiren tesia da ordiziar hura euskal hiztuna zela, eta bizitza osoan mantendu zuela nola edo hala euskalduntasun hori. Urdanetaren gaztelera, bere bizimodu korapilatsuan bidaide edota bizilagun izan zituenen erromantze ezberdinen zipriztinez josia ez ezik euskarakadaz betetako hizkera bitxi bat da, garaiko gaztelauentzat eta geroztiko irakurleentzat ere nahiko ulergaitza gerta zitekeena. Euskarakada horiek ugariak dira lexikoaren mailan eta, are argigarriagoa dena, sintaxiari dagokionean: leku-denborazko esamoldeetan, etab.

            Egia da XVI. mendeko gazteleraren normatibizazio eskasagatik, antzekoak maiz aurkitzen direla, batez ere itsaso eta nabigazio gaiei buruzko idatzietan, euskaldunak izango ez ziren (baina euskaldungoarekin harreman estua zuten) hainbatengan; Bartolome de las Casas da horietako bat. Baina Urdanetarengan "anomalia" horiek duten ugaritasunak eta sistematikotasunak aditzera ematen du haren idazketa, maiz, euskaraz hausnartutakoaren itzulpena baino ez zela.

            Garaikide (eta, seguruenik, adiskide) zuen Juan Zumarraga, Mexikoko lehen gotzainaren kasuan ez bezala, artxibategiek, egun ezagutzen ditugunek behintzat, ez digute gorde Urdanetak euskaraz idatzitako ezer. Edonola ere , ezbairik gabekoa da ordiziarraren eleaniztasuna. Bere idatzietan hain bereziki, baina erraztasunez, darabilen gaztelera ez ezik malaysiera menderatzen zuen, Loaysaren espedizioa Malukun lehorreratu zenetik. Ezagutza hori erabakigarria izan zen gaztelauek ingurune hartan eman zituzten zortzi urteetan, hala nola ia hogeita hamar urte beranduago Filipinetarako espedizioa gauzatzerakoan. Bidenabar, ingurune eleanitz hartako beste hizkuntzaren bat ere ikasi zuela susma liteke.

 

Hitzordua ostegun honetan, arratsaldeko 7etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxean.

 

Mikel Aramendi.argazkia
Mikel Aramendi




www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2007 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz